berria.info

Ostirala, 2012ko otsailak 24a.

Euskal Xake Ligako bi talde indartsuenak aurrez aurre izango dira bihar.

Sestao eta Gros berdinduta daude sailkapenean, 19,5 punturekin, lehen sei jardunaldiak jokatuta.

 

Josu Tornay. Donostia.

 

Espero baino parekatuagoa ari da izaten aurten Euskal Xake Liga. Lehen sei jardunaldiak jokatuta, Naturgas Sestao eta Gros, titulua irabazteko bi faboritoak, berdinduta daude sailkapenean. Euskal Herriko bi talde onenek 19,5 puntu dituzte, eta norgehiagoka guztietan nagusitu dira. Hala ere, azpimarratzekoa izan da talde apalek handien aurka eman duten maila. Sei txandetan bakarrik hirutan lortu dituzte puntu guztiak Sestaok eta Grosek: lehen txandan biek, eta laugarrengoan bizkaitarrek. Horrez gain, hirutan irabazi dute gutxieneko emaitzagatik (2,5-1,5): Sestaok, San Viator eta Easoren aurka; eta Grosek, Ruta de Europaren kontra. Berdinketa hori bihar hauts daiteke, Sestaon (Bizkaia), bi oilarren arteko lehian. Zazpigarren jardunaldia jokatuta, bi txanda baino gehiago ez dira geratuko, eta ustez, Grosek egutegi apur bat hobeagoa du.

Jokalari zerrendei dagokienez, Gros leial izan da bere oinarriekin, eta euskal jokalariekin ari da jokatzen. Franco, Gonzalez, Etxegarai eta Argandoña izan dira oinarria, eta soilik behin parte hartu dute Bauer frantziarrak eta Hamdouchi marokoarrak. Sestaok, ordea, gehiago erabili ditu kanpotik ekarritako jokalariak, eta lehian ari den euskal jokalari bakarra Mario Gomez santurtziarra da.

Lehia bizia jaitsiera saihesteko.

Sestao eta Gros alde batean utzita, Ruta de Europa ari da ondoen. Hirugarrena da, eta oso litekeena da postu horretan amaitzea liga, jada lehen bi sailkatuekin jokatu baitu. Ruta de Europaren atzetik daude Batalla, San Viator eta Conteneo, lasai antzean. Hortik atzera, baina, lehia bizia dago jaisteko postuak saihesteko. Aukera gutxien duena Altzaga Leioa da: sei puntu ditu, eta bi berdinketa. Orvinak, Zuri-Baltzak eta Easok ere aukera asko dituzte Leioarekin batera Lehen Mailara jaisteko. Maila horretan, Donibane da liderra, Sestao B-ren aurretik. Hala ere, Kultur Sustapenak, Zornotzak eta Arrasatek dute aukera gehien Donibanerekin batera mailaz igotzeko.